XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

30. Udana Etxeberri

Urtea / Deitura / Zabarain / Gaur egun (ahoz) / Udana Etxeberri

* Telleriartetik Udana bidean, Brinkolako kruzeroa baino lehen, eskubitara, zegoen Udana Etxeberri baserria.

Bitxikeria bezala esan beharra dago, aurretik zegoen zorbide baten gainean eraikia izan zela.

Adibidez, auzoko baserrikoek basotik zekarten gurdi garoa etxe barrutik pasa behar izaten zuten.

Emandako hitza bezala, zorbidea ere ez zegoen inoiz ukatzerik.

* Izenak dioen bezala, Udana Etxeberri nekez egin eta garaiz desagertu zen baserria dugu.

José Ormazabal Galfarsoro-k, Joxe "Astaola"-k, 1934 inguruan, gutxi gora behera, Zubitxoko etxea egiteko aprobetxatu zituen Udana Etxeberriko harriak.

* 1887an, Ubitarte Errotako José María Arizti Gerra, 64 urteko alarguna bere hiru alabekin bizi zen baserri honetan.

Aita hiltzean edo, alabak Legazpiko kale zaharrean zegoen etxe batetara joan ziren bizi izatera.

Alaba hauek, neska zahartu eta gerora ere, udarako arratsaldetan paseatuz etortzen omen ziren beren baserria ikustera.

* Zegamako Urrusti baserritik etorritako Francisco Galfarsoro eta bere familia ere hemen bizi izan ziren.

Hauen ondorengoek oraindik Legazpin jarraitzen dute.

* Gerora berriz, Felipe Iriarte Larrañaga, Tauki gaitzizenez ezagutzen zen artzaia, 1854ean Eskoriatzan jaioa, Telleriarteko Martintxokoako alaba Catalina Odria Zumalakarregirekin ezkondu, eta bertan bizi izan zen.

Seme-alabarik izan ez zutenez, Tauki artzaia alargundua, artaldea eta baserria utzi beharrean gertatu zen.

Zahar etxe batetara eramateko ahaleginak egin omen zituzten, baina berak ez zuen nahi izan.

Antsumaitz aldeko Iruerrekaetan, Zubiaurgo etxabolan, oilo mordoska batekin igaro omen zituen bere azken urteak.

Oilo gosez zeru sapaian zebiltzan miru eta gabiroiak izutzeko suziriak botatzen zituela esaten dute.

* Azken aldera, José María Telleria zeraindarra bere familiarekin bizi izan zen Udana Etxeberrin: bertako harrobian Diputazioarentzat harria ateratzen zuen barreneroa.

Telleriarte 1994